Hesiodoren Teogonia obran deskribatutako Graziak hiru ziren: Aglaia, distiratsua esan nahi duena, Eufrosine, alaia esan nahi duena, eta Talia, loratzen ari dena. Zeusen maitale baten alabak ziren hiru Graziak. Birjina puruak ziren eta Jainkoekin bizi ziren. Oturuntzetara joateko ohitura zeukaten eta bizipoza igortzen zuten. Maitasunaren jainkosa Afroditaren zerbitzura zeuden, eta ez zekiten aspertzea zer zen.
Rubensek iturri baten alboan irudikatu zituen, lore-girlanda baten azpian, atzean paisaia zutela. Figurek eskultura klasikoa dute inspirazio iturri; hala erakusten du beren larruazalean marmolaren hoztasuna islatzeko asmoak. Erritmo zirkularra eta ondulazio dotorea dira artistaren ohiko ezaugarriak. Alderdi horiei, margolariak azken urteetako lanetan islatutako itxura handiko formak eta kolore beroak gehitu behar zaizkie.
Ezkerraldeko irudiak artistaren bigarren emaztea du inspirazio iturri: Helène Fourment. Ezkondu eta berehala margotu zuen obra honetan, margolanen sentsualtasunean nabari da artistak une hartan bizi zuen poza. Margolariak berak gorde zuen obra, harik eta 1640an hil zen arte. Ondoren, Filipe IV.ak eskuratu zuen, eta Espainiara eraman.