Ezezaguna da parpailadun lepoa eta eskumuturra dituen jantzi beltzeko pertsonaia hau. Zintzilikarioak eta ezpatak agerian uzten dute zalduna dela. Espainiako Errenazimenduko maisulanetako bat da hau, Grekoaren obrarik zabalduenetakoa.
Artistak bere ibilbideko lehen urteetan margotu zuen, Toledon. Eskua bularrean duen zaldunaren ezaugarriak dira, alde batetik, pertsonaiaren begirada adierazgarria (adi-adi baitago ikusleari begira) eta, bestetik, eskuarekin egiten duen keinuaren naturaltasuna.
Pertsonaiaren nortasunaren eta keinuaren esanahiaren inguruan hainbat interpretazio dago; batzuek diotenaren arabera, keinuak egoeraren bat sinbolizatzen du, damua esate baterako, edota juramenturen bat. Zalantza ugari baldin bada ere, erretratuko gizona Juan de Silva y Ribera zalduna dela esaten da; hots, Montemayorreko III. markesa, Toledoko Alkazarreko alkatea.
Pardoko Quinta del Duque del Arcotik dator obra hau (Madril).