Irekitako triptikoan hiru eszena agertzen dira. Ezkerreko taula paradisuari dago eskainia, Ebaren jaiotzarekin eta Bizitzaren Iturriarekin. Eskuinekoan, berriz, infernua ageri da. Erdialdeko taulak ematen dio izena obrari; izan ere, lorategi batean bizitzako gozamenak edo plazerak irudikatzen baitira. Paradisuaren eta infernuaren artean kokatutako gozamen horiek bekatuari egiten diote aipu, gizakiak munduko plazeretan murgilduta erakusten baititu. Irudiotan begi-bistakoa da lizunkeria, karga erotiko handikoa. Badira esanahi enigmatikoagoa duten irudikapenak ere. Loreen edertasun galkorraren eta fruituen gozotasunaren bitartez, hauskortasuna adierazten du autoreak, bai eta zorionaren zein plazeraren galkortasunarena ere. Hala berresten du, itxura guztien arabera, ezkerraldean kristalezko globo batean itxita dagoen bikoteak, Flandesko atsotitz hau gogora ekarriz, ziur aski: «Zoriona beira bezalakoa da: berehala hausten da».
Triptikoak, itxita, munduaren sorrerako hirugarren eguna irudikatzen du, gresailan. Jainkoa sortzaile gisa ageri da, ohol bakoitzean idatzita dagoen moduan: «Berak esandako guztia egin zen» eta «Berak agindu zuen eta guztia sortu zen». Hasiera (1:9-13).
Moralizatzeko helburua duen obra hau Boskoren lanik enigmatikoenetakoa da, konplexuenetakoa eta ederrenetakoa, bere bizitzako azken etapan egina. Albako duke handiaren seme zen Fernando priore jaunaren enkantean erosi, eta Escorial jauregira eraman zuen Filipe II.ak 1593an.
Ondare Nazional gisa dago gordeta Prado Museoan, 1939. urteaz geroztik.