Joan Flandeskoaren obra dokumentatua. Gaztelan, 1496tik aurrera, Elisabet Katolikoaren zerbitzura sartzean egin zituen lanengatik bakarrik da ezagun egile hau. 1504an, Erregina hiltzean, Salamancan eta Palentzian jarraitu zuen lanean, eta bezero berrien eskaerei egokitu behar izan zien bere estiloa. Batzuetan neurri handiko lanak egin zituen, Palentziako katedraleko erretaula nagusia kasu. Hain zuzen ere erretaula horretarako egin zuen ohol hau, bankuko erdialdeko kalean ipini zutena.
Joan Flandeskoak ikuspuntu baxutik irudikatu zuen Gurutziltzaketa obraren espazioa, eta horrek Mantengaren konposizioak ekartzen ditu gogora. Italiako kutsua du bere lanak, pertsonaiak irudikatzeko moduak erakusten duen bezala, lerro zuzenak baitira nagusi. Horrek monumentaltasuna ematen dio lanari. Erdialdean ageri den Kristo gurutziltzatua nabarmentzeko, hainbat figurez osatutako semizirkuluaz inguratu zuen. Flandesko margolariak originaltasunez eta maisutasun teknikoz irudikatu zuen gai ikonografiko hau, trebezia handiarekin erreproduzitu baitzituen objektuak, lurrean zabaldutako harribitxiak eta koralak, konparazio batera.