Kardinal baten erretratua. Alidosi, Bibbiena, Zibo edota Trivulzio izan daiteke irudian ageri dena.
Erroman margotu zuen Rafaelek obra hau, bere garaikideen esanetan «pertsonak berez direnak baino errealago margotzeko» gaitasuna menderatzera heldu zen unean.
Konposizioa Leonardo da Vinciren Giocondan oinarrituta dago, bietan modeloa eserita ageri baita, gorputzarekin eta besoarekin triangelua osatzen duela. Atentzioa ematen du kapela gorri distiratsuaren, mahuka zuriaren eta kardinalaren aurpegiaren arteko kolore kontrasteak, argiaren erabilerari esker. Ezaugarri horri eta pintzelkaden zehaztasunari esker, erretratua hiru dimentsiotan dagoela ematen du. Agerian geratzen da Rafaelek urte haietan eskulturarekiko sentitzen zuen interesa.
Obra hau Erroman erosi zuen Karlos IV.ak (1748-1819), artean printze zela.