Karlos V.a enperadoreari (1500-1558) zaldi gainean egindako erretratua, Moehlbergen inperioko tropek protestanteenak garaitu zituztenekoa oroitzeko. Axaletik konposizioak soila ematen badu ere, sinbologia konplexukoa da: alde batetik, zaldun kristau gisa ageri da Karlos eta, bestetik, Erromako inperioaren tradizioko oinordeko gisa. Horren adibide da enperadoreak eskuineko eskuan duen lantza. Zesarren boterearen sinbolo den horrek San Jurgiren armari ere egiten dio erreferentzia, bai eta Longinosek (Kristori lantza sartu zion soldadu erromatarrak, ondoren kristau bihurtu zenak) Jesusen heriotzan zeraman lantzari ere.
Konposizioaren aurrekari formal gisa, Marko Aurelio (121-180) enperadorearen zaldi gaineko estatua erromatarra aipatu da, bai eta Albrecht Duererren grabatuetako hainbat modelo (Zalduna eta heriotza obra, konparazio batera) eta Hans Burgkmair-enak ere.
Enperadorearen armadura Madrilgo Errege Jauregiko Errege Armategian dago gordeta.
Maria Hungariakoarentzat egin zuten obra hau, eta austriatarren irudi dinastiko nagusi bihurtu zen. Prado Museoko bildumako zati da 1827az geroztik.